Zergatik erabakitzen du norbaitek Asier eta biok bezalako filme bat koproduzitzea?

Asier eta biok bezalako proiektu bat ekoiztea erabakitzen duzunean, ekoizpena eta komunikazioa Espainia mailan antolatuz, badakizu ez dela erraza izango. Badakizu iritzi askorekin borrokatu beharko duzula eta zure lan nagusia arazoak konpontzea izango dela. Nire amak esango lukeen bezala: “buuf zergatik sartu horrelako saltsetan?” Tira, ba hainbat arrazoiengatik.

Bereziki interesagarria da hain zuzen ere gatazkaren alde ezberdinen artean ulermena bilatzen duen proiektu baten komunikazioa eramatea. Iritzi ezberdinen artean lotura izan nahi duen proiektu bat, irtenbide baterako zaila den ingurune batean aurrrera pausu bat emanaz eta arazoaz hitz eginez. Hau da dokumentala ekoiztera eraman gaituen arrazoi nagusia.

Bestalde, erronka garrantzitsua da horrelako ezaugarriak dituen proiektu baten komunikazioa aurrera ateratzea. Produktora txiki bat izanik, petsatu genuen crowdfundinga zela filmea estreinatu aurretik ere gure ikusleengana iristeko modu aproposena. Erabaki horrek sare sozialetan egotea, jendearekin hitz egitea eta materiala partekatzea suposatzen du. Azken finean, jendeari proiektuan inplikatzeko arrazoi nahikoa amatea. Zailtasun berezi bat gaineratuz: horrelako gai bat tratatuz, erreakzioak oso ezberdinak izan daitezke. Beti da zaila dokumental bat ezagutaraztea eta jendeagana iristea baina kasu honetan gainera, alde guztietako aurreiritzi askori aurre egin behar diegu eta mezua gaizki ulerturik gabe helaraztea lortu.

Orain arteko ibilibidea ez da guztiz xamurra izan, dokumentala ikusi aurretik ere epaitu baikaituzte. Tira, horrelakoak egongo zirela bagenekien eta horren kontra lan egin behar dugu. Horregatik da bereziki interesgarria lan hau.

Zailtasunak zailtasun, bai aurrekontu aldetik eta baita tratatutako gaiagatik ere, pozik gaude. Egindako lanak fruituak ematen ari dela ematen du; geroz eta jende gehiagorengara ari gara iristen eta horixe zen gure helburua. Ia 150 pertsonek ekonomikoki lagundu digute, beste ehundaka sare sozialak erabiliz proiektua ezagutzera ematen ari dira eta komunikabide garrantzitsu askotan aritu dira gutaz hitz egiten.

Ez dakigu zer gertatuko den dokumentala estreinatzen dugunean baina geure egin nahi dugu joan den azaroaren 15ean Boulevard saioan Juanma Bajo Ulloak esandako esaldi bat. Bertan, zauriak sendatzeko eguzkitan jarri behar direla zioen, argitara atera. Hori da guk, ekoizle bezala, Asier eta biok izan daitekeela uste duguna; zauriak sendatzeko urrats bat. Eta ziurrenik “horrelako saltsetan” sartzeko arrazoi nagusia.

P.d: egunen batean kontatuko dizuegu nola den benetako lana ze ez, ez du inolako zerikusirik sarrera hau ilustratzeko erabili dugun argazkiarekin. 



Deja un comentario