Mexikon irabazi genuen. Eta orain zer?

Sekulako poza eman digute Guadalajaran jasotako sariek, ekonomikoki gauzak asko errazteaz gain, baina aldi berean agenda aldatzea suposatzen dute. Talde txikia gara eta bakoitzak mila gauzetara egon behar du aurrera jarraitzeko. Baina tira, sariak jasotzeko bada pozik aldatuko ditugu planak.

Oraintxe frente ezberdinetan gabiltza: alde batetik Itxaso irudien eskubideak lortzeko borrokan dabil. Iturri ezberdinetakoak dira (telebista, prentsa idatzia, zinea etab.) eta guztiekin negoziatu beharra dago. Utziko dizkiguten, ze prezio daukaten (ia ezer ez da dohakoa mundo honetan) eta azkenik ordaintzerik badugun edo ez erabaki eta horren arabera muntaiarekin jarraitu. GARA egunkariak erabiliko ditugun irudi guztiak dohan utziko dizkigula azpimarratu nahi dugu. Fermin Muguruzak ere esan digu beregatik ez dagoela arazorik teaserrean entzun genuen kanta zatia erabiltzeko baina hau errazegia izango litzateke. Diskografikarekin hitz egin behar dugu. Oraingoz 500€ + BEZ kobratu digute ‘Historias del Kronen’ filmaren minutu bategatik. Eta oraindik urte zaharreko irudiak negoziatu behar ditugu!

Badira eskubiderik behar ez duten artxiboko irudiak: pertsonalak. Gehienak Asier eta Aitorren iraganeko argazkiak dira eta pertsonalak direnez, pelikularekin bat egiten duen tratamentu intimo bat emango diegu. Denak bildu behar dira, batzuk berriro grabatu eta posprodukzioan animatu. Horretan dabiltza Ainhoa, Aitor eta Pablo. Gainontzeko posprodukzioa behin betiko muntaia dugunean egin beharko dugu.

Pablo astronauta animatzen

Musika ere hortxe dago. Konposizio nagusia oraingoz aipatuko ez dugun talde eskoziar batena izatea gustatuko litzaiguke. Euren kolaborazioa ixten dugunean esango dizuegu izena. Baina gainera, Ekuadorren, Alex Alvear musikaria ere animatu da eta hainbat konposiziotan dabil lanean. Asier eta biokek beresoinu-banda izango du.

Ekuadorren afitxeen eta kamiseten diseinuarekin ere badabiltza. Ia amaituta dago kamiseta, laster erakutsiko dizuegu zuen iritzia jakiteko. Guri bezain beste gustatzea espero dugu.

Erronka handiena muntaia da oraindik. Ia itxita dago baina badira detaile eta xehetasun batzuk oraindik ixteko. Norbaitek esan zuen filmeen eta bizitzaren arteko ezberdintasuna zera dela: gidoi batek zentzua izan behar du eta bizitzak ez. Kasu honetan, filme autobiografiko bat izanik, gidoia errealitatekin sortu behar da eta zentzu argi eta definitu bat izan behar du. Hortxe dokumentala sortzeko puntu konplexuena. Askotan, dokumental baten aurrean jartzerakoan, gauzak gertatu ziren bezala muntatzen saiatzen gara eta bapatean ezerk ez du funtzionatzen. “Baina horrelaxe gertatu zen eta!” diozu. Baina horrek ez du axola. Garrantzitsuena zentzu bat izatea da eta horretarako egitura sendo baina ikusezin bat sortu beharra dago, bizitutako errealitate hori erreflexatu eta sinesgarri egiteko.

Modu pribatuan egindako emanaldiekin konturatu gara badirela hobetu litezkeen gauza batzuk eta horretan dabiltza Amaia, Aitor eta Ainhoa, sekuentzia eta esaldi bakoitzari bueltak eman eta eman. Amaia laster dator Ekuadorretik beraz berriro talde osoa elkartuko da azken txanparekin hasteko.

Baina badirudi gure patua banatuta egotea dela eta Guadalajarako sariek Mexikora joatea suposatzen dutenez, Ainhoa ekainean joango da D.F-ra kredituak, trailerra eta kolorearekin egingo diren lanak ikuskatzera. Ordurako guztiak amaituta egon beharko du. Ez da atzera biderik egongo. Eta eskerrak ze beti probatu litezke gauza berriak eta zaila da “bukatu da” esatea. Baina ondoren beste erabaki batzuk hartu beharko ditugu: Noiz estreinatu? Non? Hori beste istorio bat izango da. 

 



Deja un comentario