Gudalajaran festa

Orain hiru urte, zera esan nion Aitorri: “Asier kartzelatik ateratzen denean, zerbait graba genezake ez?” “Nolako zerbait?” “Ez dakit, dokumental labur bat, arraroa den zeoze, ez dakit, nahi duguna” Aitor pentsakor geratu zen. “Bai, interesgarria izan liteke baina, zer egingo genuke horrekin?” “Ba guretzat eta gure lagunentzat dokumentatu” “Bai, ondo legoke, ez dakit” erantzun zidan.

Hiru urte beranduago, Aitorrekin batera nazioarteko zinema jaialdi batean nago eta nire burua tximikatu behar dut ametsetan ez nagoela ziurtatzeko. Hasierako proposamen hartatik, nola iritsi gara honaino? Erokeria apur batekin, intuizio pixka batekin eta zorte asko, askorekin. Erokeria horrelako sasi artera sartzeko. Intuizioa beldurrik gabe istorioak eraman gaituen bidean jarraitzeko. Eta zorte asko, ez delako erraza besotatik hartu eta “Asier eta biok” bihurtu den sinfonia punk horren erritmora dantzan jarriko zaituzten bi ekoizle aurkitzea. Biren arteko dantza izatetik makrodiskoteka batera pasa gara eta gonbidatuak etengabe iristen dira, gurekin batera mozkortzeko. Aitor eta gure Doxa eta Cineatikako lankideetatik, gure lagun Asierrekin jarraituta, mezenas guztienganaino, tekila bera dabil guztion gorputzetik. Eta mexikarrek saritu gaituzte festa amaitu aurretik! Guadalajarako jaialdiak traste guztiak jaso ditu eta hutsik geratu den espazioan hau hasi besterik ez dela egin ospatzen dut. Nire lagun on batek bere bosgarren urtebetetzean amari esan zion bezala: “Ama, ze zortea dudan! Justu nire urtebetetze egunean jaio naiz.”

Eskerrik asko guztioi.

Amaia Merino



Deja un comentario