Azken grabaketak eta agurrak

Bart gauean, grabatzen hasi nintzela bi urte eta bi hilabete betetzen ziren egunean, Amaiak eta nik Asier ETA bioken gidoia bukatutzan eman genuen. Grabaketak ere bukatu ditugu baina hobetu daitezkeen batzuk berriro grabatzen saiatuko naiz. Hala ere, kontatu nahi duguna hortxe dago ja. Lehertuta baina helburua lortu dugulakoan oheratu ginen. Filmarekin amestu dudala uste dut. Ezinezkoa da zuretzat eta zure ingurukoentzat hain garrantzitsuak diren momentu eta gertaerak kontatzen dituen lan batekin konformatzea, jakinda lan hori askok ikusiko (eta epaituko) dutela eta askok ez dutela begi onez ikusiko. Ezinezkoa da.

Oraindik lan asko dugu egiteko. Muntaia ia bukatuta dugu baina oraindik hainbat detaile geratzen zaizkigu eta nola ez, postprodukzio guztia (hortarako Doxako jendearekin batera arituko gara lanean) Abendurako prest egongo dela uste dugu.

Lanaren kopia batekin, Libe eta Nerearekin (Asierren ama eta arreba) elkartu ginen eta filma eurekin ikusi genuen. Beldur ginen, ez baikenekien emozioak gehiegizkoak izango ziren, ez zitzaien irudituko Asier behar den moduan erretratatzen dugunik eta nolabait uko egingo ziotela uste genuen baina biak emozionatu egin ziren eta lanagatik zoriondu gintuzten. Kontuan izan behar da Asierren bizitzako hainbat puntu begirada kritiko batekin kontatzen direla filmean. Familia horri zor diogun esker ona ez da blog batean sartzen. Eta Asierri…Amaiak eta nik ez dakigu zer esan. Eta Maite.

Gaur gure gurasoei erakutsiko diegu dokumentala. Eurek ere lan gogorra egin dute hilabete osoan gu zaintzen eta gurasoek bakarrik egin dezaketen moduan animatuz.

Off ahotsak eta ‘render’ak egiteko eguna ere bada gaur. Eta familiari agur esatekoa. Bihar Madrilera goaz, Amaia Ekuadorrera baitoa bueltan, ezertarako denborarik gabe, hilabete lan eta lan pasa ondoren. Hala ere ederki pasa dugu.

Azken egunak ikaragarriak izan dira. Etxean argiarekin arazoak hasi ziren orain dela pare bat egun eta bapatean argiak alde egiten zuen. Ordenagailua piztu eta denak alde egiten zuen. Eta guk hainbeste gauza egiteko oraindik!! Oraintxe horrelaxe dabil Amaia

Beste argazkian ni agertzen naiz nire grabaketetarako dudan plato ikaragarriarekin. Nire aita ere bere gelatik bota dut hau egiteko

Orain Madrilera bidean postprodukzioarekin hasteko.



Deja un comentario