Asier ETA biok Meridan

Mundu osoan bere antzoki erromatarragatik eta urtero ospatzen den antzerki jaialdiagatik da ezaguna Extremadurako hiriburua baina pasa den astean bere 8.edizioa ospatu zuen “Festival de cine Inédito de Merida” jaialdiko hiria ere bada. Komertzialki estreinatu gabeko filmeak ikusteko aukera da jaialdiaren berezitasuna. Horrela, bertakoek munduan zehar oraindik ikusi ez diren filmeak ikusteko aukera dute. Aurten Asier ETA biok programatu nahi izan zuten, proiekzioa amaitutakoan ikusleekin solasaldi bat antolatzeko asmoarekin. Hau izan da hasieratik gure helburuetako bat: bizipenak partekatzea, debatea sortzea.

Euskal Herritik kanpo hau egiteko genuen lehen aukera zen (aurretik Zinemaldian egin genuen baina nolabait estateko, etxean jokatzen genuen) Oraingoan baina ezberdina izango zen eta zergatik ukatu, urduri negoen. Nola erreakzionatu zuten ikusleek? Gure proposamena ulertuko zen? Aretoa adin eta kolore guztietako jendearekin bete zen. Proiekzioaren erdian, aretoan sartu nintzen isil-isilik eta azken ileran eseri nintzen erreakzioak entzuteko. Ez zen deus entzuten. Filmea amaitutakoan baina, aretoa txaloka hasi zen. Eszenatokiaren erdialdera iritsi nintzen, mikrofonoa eskuan, David Garridorekin (jaialdiko programatzailea) solasaldiari hasiera emateko eta nire beldur guztiak uxatu nituen.

Ikusleek, errespetu osoz parte hartzearekin batera, sinestarazi digutena baina konplexuagoa den gatazka baten aurrean gaudenaren ideia ere partekatzen zuten gurekin. Ez dela dena txuri edo beltzen inguruko gaia, onak edo txarrak, indarkeriak markatutako ideia, desio eta bizipenez beteriko mosaiko bat baizik. Indarkeriak aurpegi oso ezberdinak dituela eta ez datorrela begi bistako diren tokietatik bakarrik. Egin beharreko bidea luzea dela eta gakoa batzuk eta besteak ezagutzea dela, aurreiritzirik gabe hitz egitea, ideiak eta besoak zabalik mantenduz. Solasaldia gaueko ordu txikiak arte luzatu zen eta hunkigarria eta ahaztezina izan zen. Gehiago ere egongo dira, ziur nago.

IMG_0791Ikusleek utzitako iruzkinetako batzuk

Hemendik, eskerrak eman gure filmea erakusteko aukera emateaz gain, ikusleen artean anonimoki idazteko aukera ematen zuten papertxoak banatzeko ideia bikaina eduki zuten FCIMeko antolatzaileei. Guztietan, salbuespenik gabe, errespetuaz hitz egiten da…errespetu osoz. Eskerrik asko Merida!

Aitor Merino



Deja un comentario